Porno-a interneten

Ikasleak Porno-a interneten

Zer diote datuek adingabeei eta pornografiari buruz?

Jarraian ageri diren datuek gai hau hezkuntzaren ikuspuntutik jorratzeko beharra ulertzen lagunduko digute:

  • Euskadiko hamar nerabeetatik zortzik biluzik ageri diren emakumeen irudiak jasotzen dituzte. (Estibaliz Linares, “El iceberg digital machista”).
  • Interneteko porno kontsumitzaileen %10 10 urtetik beherakoak dira. (Bitdefender azterlana).
  • 15-16 urtetik beherakoen %54 pornografiarekin aurkitu dira nahi gabe Interneten behin baino gehiagotan. (“Jóvenes y sexo en la red” azterlana).
  • Sareko pornografia ikustearen ondorioz, mutilen %16,3k eta nesken %9,3k arriskuak hartu dituzte sarean, esaterako, norbaitekin harremanetan jartzeko datu pertsonalak ematea edo ezezagun batekin geratzea. (Ballester Arnal, Rafael. “Exposición involuntaria a material sexual en Internet”).
  • Interneteko pornografiara boluntarioki sartzeari dagokionez, %28k noizean behin webgune horiek bisitatzen dituztela adierazten dute eta %8k sarritan edo askotan bisitatzen dituztela diote. (Giménez García, Cristina. “Consumo de material pornográfico en jóvenes españoles”).
  • Gurasoen %54k Interneteko sexua eta pornografia aipatu zituzten beren seme-alabekin eztabaidatu beharreko gai konplikatuena adierazteko orduan. (AVT Technologies-en azterlana, psicopedagogía.org webgunean).
  • Sexu-eduki esplizituekin lehenengo kontaktua 13 urte aldera izaten da gutxi gorabehera, Bryant Paul, Indianako Unibertsitateko komunikabideen eskolako irakasle laguntzailearen arabera. Beste azterlan batzuek 12 urteko adina aipatzen dute sareko pornografiarekin lehen kontaktua aztertzean.
  • 13 eta 14 urte arteko mutilen %90ak eta nesken %70ak dio gutxienez ere behin ikusi dutela pornoa aurreko urtean zehar eta %35ak dio pornoa online ikusten dutela “zenbatu ahal dituen alditan baino gehiagotan”.
  • Azken batean, hamar gaztetatik bederatzik pornoa online ikusi dute adin-nagusitasunera iritsi baino lehen.

Iturria: Orange. Por un uso Love de la tecnología www.usolovedelatecnologia.com

Ondorio kaltegarri posibleak adingabeentzat

Eduki pornografikoak ikusteak honako ondorio kaltegarriak izan ditzake adingabeentzat:

  • Adingabeek arrisku-praktiken berri izaten dute.
  • Harreman sexualetan indarkeria erabiltzea normaltzat jotzen dute.
  • Ikusitako materialarekin lotutako fantasia sexualak garatzen dituzte. Sexualitate “pornografiko” baten eraikuntza sustatzen da.
  • Emakumeek sufrimenduarekin gozatzen dutela helarazten zaie, errealitatean masokisten gehiengoa gizonak badira ere.
  • Legez kanpoko eta parafilien inguruko edukietara sartzeko atea izan daiteke, non haurrekin, animaliekin eta abarrekin lotutako praktikak ageri diren.
  • Harreman sexuala testuingururik gabe agertzen da.
  • Pertsonen arteko harremanen berehalakotasuna eta sinplifikazioa nagusitzen dira.
  • Prostituzio mota berriak bultza ditzake, esaterako, online prostituzioa.
  • Arrisku-praktikak ahalbidetu ditzake, hala nola ezezagunekin geratzea eta/edo datu pertsonalak ezezagun bati helaraztea.
  • Adikzioen garapena ahalbidetzen du, esaterako, helduentzako edukiekin edo zibersexuarekin lotutako adikzioak.

Iturria: Orange. Por un uso Love de la tecnología www.usolovedelatecnologia.com

Ondorioak eta aholkuak

Estatistiken arabera, adintxikikoek, lehenago edo beranduago, honelako edukiak aurkituko dituzte, hau da, honelako edukiak ulertzeko eta barneratzeko heldutasun eta gaitasun nahikoa ez duten neska-mutilentzat erasokorrak, harrigarriak eta aztoratzaileak diren irudiak. Eduki pornografiko horiek adingabeak estutzea gerta liteke, oraindik ez baitakite honelako edukiak nola interpretatu eta ulertu.

Aditu gehienek diote aukera honi onura atera behar zaiola sexu-hezkuntza egoki bat burutzeko:

  • Harreman intimoetan errespetua, estimua, komunikazioa eta maitasunaren moduko balioak sustatzeko
  • Elkarrizketa hauek aldez aurretik izatea komeni da, guraso edo konfidantzazko hezitzaile batekin, honelako edukiak behar bezala interpretatu eta uler ditzagun.
  • Garrantzitsuena da zerbaitek deseroso sentiarazten bazaitu, guraso edo hezitzaile nbatengana jotzea.

Agerikoa da guztiok asko ikasten dugula behaketa zuzenaren bitartez. Beraz, behin eta berriz eduki pornografikoak ikusten badituzu eduki horiek normaltzat joko dituzu. Horregatik komeni da lehenbaitlehen gurasoekin hitzegitea, giza sexualitatea garatzeko eta ulertzeko orduan, errespetuan, berdintasunean, maitasunean, estimuan, beharren komunikazioan eta abarretan oinarritutako arauak eta balioak ezagutzen lagundu zaitzaten.

Bikoteen harreman intimoak gauza bat dira eta pornografia beste gauza desberdina da. Eta gauza bera diruditen arren, ez dira.

  • Bideo pornoetan agertzen diren pertsonak ehunka hautagairen artean beren ezaugarri fisikoengatik hautatu dituzten aktoreak dira. Zuzendariak nahi duen papera egiten dute, produkzioa, makillajea, soinua, efektuak eta abar burutzen dituzten taldeen laguntzarekin. Normalean, substantzia psikoaktiboak kontsumitzen dituzte eta haietako asko ebakuntza gelatik igaro dira beren gorputzak hobetzeko kontsumoaren gizarteak ezartzen duenaren arabera.
  • Telebistan egiten den irudiaren erabileraren eta horrek pornoarekin dituen antzekotasunen inguruko hausnarketa egin daiteke. Publizitate iragarkiak ez dira benetakoak, izan ere, sarritan, bizitzaren irudi perfektu bat aurkezten dute gehiago saldu ahal izateko…, adibidez, pelikuletan zauritzen edo hiltzen dituzten pertsonak ez dira benetakoak…
  • Zinemak, askotan, familiaren edo bizitzaren irudi jakin bat eskaintzen du: orokorrean, neska eta mutil gazteak agertzen dira, ederrak eta zoriontsuak izaten dira beti, dirudunak, denetarik izaten dute, dena erraza da eta azkenean dena ongi amaitzen da… Baina guk badakigu errealitatea oso desberdina dela.

Modu horretan, antzezten ari direnak aktoreak direla konturatzen gara, paper bat egiten ari direla, guregana iristeko eta gehiago saltzeko helburuarekin, azken batean, diru gehiago irabazi ahal izateko.

Arazoetako bat da gazteek pornoaren eredu erotikoak normaltzat jotzea. Modu honetan, emakumeek eta gizonek pornografian hartzen duten paperaren inguruan hausnar daiteke:

  • Emakumeak gizonen eskura dauden objektu otzan eta pasibo gisa agertu ohi dira.
  • Gizona, bere aldetik, menderatzaile erasokor gisa agertzen da, sexu mekaniko eta hotza burutzen duen makina bat balitz bezala.

Pornoa estereotipoz beteta dago. Matxista, erasokorra eta berdintasunik, maitasunik, samurtasunik eta komunikaziorik gabea da. Zentzu horretan, giza sexualitaterako eta harreman intimoetarako eredurik ezaren aurrean, pornografiak espazio hori betetzea eta, konturatu gabe, harremanetarako eredu bihurtzea gerta liteke esperientziarik ez duten pertsonen kasuan. Era berean, horrek balio kaltegarriak eta eredu desegokiak sustatuko lituzte. Balio horien arabera, neska bat ez bada perfektua bere proportzioei edo ezaugarri sexualei dagokienez, edo gizonarekiko jokabideari dagokionez, ez du balioko. Bestalde, gizon batek ez badu zakil erraldoi bat, etengabeko erekzio bat edo ez bada penetrazio makina bat, ez du balioko ere. Honela, jokaera mekanikoko ereduak sustatzen dira, non errespetua, berdintasunean oinarritutako harremanak eta topaketa intimoen maitasuna eta samurtasuna alde batera uzten diren.

Laburbilduz, ez da gomendagarria pertsonen arteko kontaktu intimoaren eta sexualitatearen inguruko lehen informazio iturria pornografia izan dadin, aldiz, egokiagoa da zure guraso eta/edo irakasleak izan daitezen harremanen eta giza sexualitatearen gaia jorratzen dutenak. Haiekin batera hausnartzea komeni da eta eduki mota honi mugak jartzea, hauek gazteak diren eta oraindik ere helduak ez diren pertsonengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriengatik, eduki mota horiek ulertu eta barneratzeko oraindik prest ez egoteagatik. Ondorioz, beharrezkoa izango da guraso eta hezitzaileekin hitzegitea, eta hauek ezarritako mugak onartzea, sexualitate osasuntsu bat garatu nahi baduzu.

Gaiari buruzko informazio gehiago. www.daleunavuelta.org/#inicio

Nerabeentzako proba

Zure internetekiko menpekotasun maila jakin nahi al duzu?

Galdetegia egin

Con quién colaboramos