Nola aurre egin drogen eta alkoholaren kontsumoaren gaiari

Gurasoak Nola aurre egin drogen eta alkoholaren kontsumoaren gaiari

Teknologia berriek adingabeen eskura jartzen dituzte beren adinerako desegokiak izan litezkeen hainbat bideo, pelikula, modako serie edo eduki. Aurreko atalean gure seme-alaben pantailetan pornografia agertzearen gaia nola planteatu aztertu badugu, atal honetan alkoholaren eta bestelako legez kanpoko drogen apologia egiten duten edukietan jarriko dugu arreta.

Adingabeek oraindik ez dituzte alkoholaren eta bestelako legez kanpoko drogen apologia egiten duten honelako edukiak ulertu eta barneratzeko beharrezko tresnak.

Oraindik ez dute behar adina informaziorik ez eta gaiari buruzko irizpide definiturik ere, beraz, gaia jorratzeko erabiltzen den ikuspuntuaren eta planteamenduaren arabera, psikoaktiboen erabileraren irudi positibo edo negatibo bat iritsiko zaie. Gainera, adingabeek bakarrik ikusi ohi dituzte eduki hauek eta, ondorioz, ezin diegu lagundu eduki horiek testuinguruaren barruan interpretatzen edo ulertzen. Honelako edukiak behin eta berriz pantailetan errepikatzen badira, kontsumoaren nolabaiteko normaltasuna helaraziko zaie, hau da, substantzia psikoaktiboen nolabaiteko onura eta kaltegabetasuna. Honela, pixkanaka pixkanaka eta ohartu gabe sustatu daiteke mota honetako substantziekiko desioa eta erakarpena, edo substantzia horiek egoera edo ospakizun jakinekin lotzea gerta liteke.

Telebistarekin jada bere garaian ikusi genuen adingabeak beren adinerako egokiak ez ziren edukietara iristearen arriskua, baina teknologia berriek arrisku hori esponentzialki areagotu dute eta agerian utzi dute familiaren aldetiko planteamendu prebentibo bat burutzeko beharra mota honetako edukien aurrean.
Kasu honetan, aukerari onura atera behar diogu drogen kontsumoaren prebentzioa abian jartzeko eta substantzia psikoaktiboen kontsumoarekin lotutako edukiek gaia aurkezteko. Gure seme-alabek lehenago edo beranduago egin beharko diote aurre alderdi honi eta, horregatik, hobe da prebentziorako oinarriak lehenbailehen ezarri eta bideratzea.

Nola hasi gai honen inguruko elkarrizketa:

Familia bakoitzak elkarrizketa planteatzeko eta hasteko modu bat izango du. Hona hemen adibide bat:

“Lehenago edo beranduago, gizarte sareetan barna ari zarenean edo Internet nabigatzen zabiltzanean, drogen eta alkoholaren kontsumoa goraipatzen eta sustatzen duten edukiak aurkituko dituzu, eta horri buruz hitz egin nahi dut zurekin, eduki horiek agertzen direnean nola jokatu jakin dezazun eta egoera horietan zuregandik espero duguna argi izan dezazun…”

Gure seme-alabekin gai honi buruz hausnartzeko orduan, hainbat alderdi izan behar ditugu kontuan:

  • Psikoaktiboen kontsumoa betidanik existitu da gizadiaren historian zehar. Substantzia hauek gizakion artean egon dira antzinatasunetik. Halaber, egia da gaur egun kontsumo horrek bestelako esanahiak dituela, beste eginkizun bat betetzen dute kontsumitzaileen bizitzan eta gizartean. Gainera, substantzia hauen ahalmena eta kalitatea asko areagotu da eta kontsumoaren testuinguru soziala ere erabat aldatu da.
  • Gaur egun, psikoaktiboen erabilerak bizi garen gizartearen isla dira, non drogak merkatuko produktu eta kontsumo gizartearen produktu bilakatu diren. Horren ondorioz, sarritan erabilera horiek kontsumistak, konpultsiboak eta, zenbaitetan, kontrolik gabeak izaten dira.
  • Herritarren gehiengo handiak substantzia psikoaktiboren bat kontsumitzen du. Biztanleria guztia substantzia motaren baten kontsumitzailea dela aitortzeko ordua iritsi da: alkohola, kafeina, tabakoa, cannabisa, farmaziako sendagaiak, kokaina, anfetaminak, etab.
  • Ikuspuntu hori abiapuntu hartuta eta gure seme-alaben eredu eta erreferente garela jakinda, psikoaktiboen kontsumoari dagokionez, familiartean bertan sustatu behar dira alkoholaren, sendagaien, kafearen eta bestelakoen kontsumorako estiloak eta joerak, kontsumo hori kontzientea, neurrikoa eta arduratsua izan dadin.

Zergatik da desegokia adingabeek honelako substantziak kontsumitzea:

  • Garrantzitsua da adingabeek drogarik ez kontsumitzea, heltze eta hazkuntza prozesu betean baitaude. Nerabeak heltze eta hazkuntza prozesu betean aurkitzen dira, bai fisikoki zein psikologikoki eta sozialki ere. Horregatik da kaltegarria hain zuzen ere psikoaktiboen kontsumoa; alde batetik, burmuina eraikuntza prozesu betean dagoelako eta, bestetik, kontsumoa eguneroko bizitzako erronkei eta zailtasunei aurre egitea saihesteko bidea izan daitekeelako.
  • Nerabezaroan zehar gertatzen den substantzien gehiegizko kontsumoak ondorio kaltegarriak ditu banakoarentzat, izan ere, bilakaera psikologikoaren gelditzea eragin dezake eta horrek nortasun osasungarri eta funtzionala lortzea zailtzen du.
  • Bestalde, aipagarria da ere drogen kontsumoa adin goiztiar batean hastea ondorio negatiboekin lotzen dela, hala nola mendekotasun arrisku handia, osasun mental okerragoa, arrisku psikosozial gehiago, substantzien kontsumoa eta gehiegizko kontsumoa, hezkuntza maila baxua, etab.

Azken batean, ez da komenigarria substantzia psikoaktiboen kontsumoari buruzko lehen informazio iturria gizarte sareak, pelikulak, gazteei zuzendutako serieak edo Youtube-ko bideoak izan daitezen. Hobe da irakasleok edo gurasook bagara hasiera batean gaia planteatzen dugunak eta gure seme-alaba edo ikasleekin batera horren inguruan hausnartzen dugunak, hau da, zenbait serie edo telebista programatan agertzen den substantzia hauen irudiaren inguruan, substantzia hauen kontsumoak dakartzan arriskuen inguruan eta kontsumoaren ondorioaren inguruan. Gainera, adin goiztiarretan kaltegarriak diren eduki hauei mugak jartzeaz gain, drogei buruz pentsatzen duguna azal diezaiekegu ere. Pelikula edo telebista serie bat ikusteko adinari buruzko erreferentziak kontuan hartzea eta helduagoentzat diren edukiak debekatzea komeni da.

Zentzu horretan, onuragarria izaten da eduki horiek aurkitzen dituztenean gure seme-alabengandik espero dugunari buruz hitz egitea. Argitasun osoz esan diezaiekegu: “Ez dut nahi honelako irudirik eta edukirik ikus dezazun” eta ondoren azaldu horrek adingabeengan izan ditzakeen ondorio kaltegarriak, oraindik ez baitira helduak eta ez baitaude prest eduki mota horiek ulertu eta barneratzeko.

Gaiari buruzko informazio gehiago
https://energycontrol.org/energycontrol.org/energy-control/que-hacemos.html

Nerabeentzako proba

Zure internetekiko menpekotasun maila jakin nahi al duzu?

Galdetegia egin

Con quién colaboramos